1. HISTORIA
Herri-kirolen jatorria industri iraultzaren aurretikoa da; kasu batzuetan Erdi Aroan
eta, are gehiago, prehistorian ere aurki genezake herri-kirolen jatorriaren
aztarnarik.
Industrializazioaren aurretik arrantza eta nekazaritza ziren nagusi Euskal Herrian.
Hain zuzen ere, horien ondorioz sortuak izan ziren herri -kirolak: arrantzatik
arraunketa, adibidez; nekazaritzatik, berriz, aizkolaritza, harri-jasotzea, lasto-altxatzea,
segalaritza, etab.
Beraz, baserritarren eguneroko lan eta betebeharretan dago Euskal Herrian sortu
eta iraun duten herri- kirol gehienen jatorria. Esan daiteke euskal baserrietako lan
guztiak norgehiagoka bihurtuz joan direla, kirol bilakatu arte. Froga garbia dugu
hori, euskal herri-kirolak hemen bertan sortuak izan zirela baieztatzeko.
Historian zehar baserritarrak bere baserrian bertan aurkitu izan du bizirauteko
ezinbestekoa zuen guztia. Horrela, egunero ahora zer eramana izan zezan eta
familia mantentzeko, berak egiten zituen baserriko lan guztiak, bere senideen
laguntzaz: lurrak landu, egurra moztu, belarra moztu eta bildu, ganaduari jaten
eman, behiak eraitsi, harrizko hesiak eraiki, etab. Oso lan gogorra zen hori guztia
harentzat, batez ere uda partean, egunean hamabost orduz lanean ere aritzen
baitzen. Argi dago baserriko bizimoduak atseden hartzeko denbora gutxi uzten
ziola baserritarrari.
Hori ikusita, harrigarria da baserritarrak atseden hartzeko unea heltzean berriz ere
eguneroko lana errepikatzea lehiaketetan. Baina, egia esan, ohituta dago esfortzu
fisiko gogorrak egitera eta ez zaio hain nekeza egiten astean zehar egindako lanei
asteburuan berriz ekitea. Are gehiago,astean zehar egindako guztia entrenamendu
gisa baliogarria izango zaio eta sasoi onean egoten lagunduko dio.
Herri-kirol ezberdinak aztertuz gero, konturatuko gara nola trebetasunezko probak
izateaz gain, indar fisiko handia edukitzea eskatzen duten. Gainera, beste lurralde
batzuetako aisialdiko ekintzekin alderatuz, herri-kirolak dira hain esfortzu fisiko
handia eskatzen duten bakarrak.
Hori guztia gutxi balitz, hainbat probaren ezaugarriak kontuan hartuta,
erresistentzia izatea ere beharrezkoa da kirolarientzat; gaur egun pixkanaka
zenbait norgehiagokaren (sega apustua, estropadak, idi-probak,...) iraupena
gutxituz joan den arren (bi ordutatik ordu betera), oraindik orain erresistentzia
handia eskatzen duten norgehiagokak dira.
Hala ere, indar fisikoaz gain, euskaldunon nortasunaren isla den beste ezaugarri
bat aurki dezakegu herri-kiroletan, hau da, kontaktu fisiko zuzenik eza.
2. Bestalde, kontuan hartzekoa da hasieran euskalduna norgehiagoketan parte
hartzera bultzatu zuen arrazoia ez zela izan kirol zaletasun hutsa, bere indarra
beste norbaitekin neurtzeko grina baizik. Horren argigarri, aurreko mendeko
bertsoetan behin eta berriz errepikatzen den desafio hitza dugu. Hain zuzen ere,
bertsolariek kirolari eta apostuei buruz egindako bertsoei esker, eta horiek Euskal
Herri osoan zabaldu ondoren, gaur egun badugu hasierako norgehiagoken
zehaztasunen berri.
Baserriko eguneroko betebeharrak herri-kirolen oinarri direnez, ulergarria da
euskal kirolariak maila ona erakustea modalitate ezberdinetan.
Aipatzekoa da euskal baserriko bizimodu eta ohiturek eguneroko lanak egiten
jarraitzeko indarra izatea ahalbidetu diotela baserritarrari, adinean aurrera egin
arren. Halaxe, bada, lehiaketetan parte hartzen duten kirolarien artean gazteetatik
hasi eta berrogei urte baino gehiagokoak aurki ditzakegu.
Baina herri-kirolen protagonista bakarrak ez dira kirolariak; ikusleek ere zeregin
garrantzitsua betetzen dute, apustuak medio. Hain zuzen ere kirola izan zen
mendeetan zehar euskaldunarentzat dirua jokatzeko aukera bakarra. Bai
lehiakideek eta baita ikusleek ere diru kopuru handiak jokatu izan dituzte,
batzuetan baita baserria bera eta ondasunak ere.
Herri-kirolek zergatik iraun duten argitzeko bi arrazoi nagusi daude. Batetik, kirola
euskal kulturaren zati izanik eta euskaldunak bere tradizio eta ohiturei dien
begirunea medio, herri-kirolek gaur egunerarte iraun dute. Bestetik, nukleo
hiritarrak eraikitzea eragotzi zuen denbora luzez Euskal Herriaren orografiak eta
ondorioz, nekazarien bizimoduak duela hamarkada batzuk arte iraun du. Horrela,
baserria izan da euskal tradizio eta ohituren gordailu.
Amaitzeko, esan genezake lurralde bakoitzak bere herri-kirolak dituela. Euskal
Herrian sortutakoak ugariak dira, nahiz eta gaur egun horietariko zenbait galdu
diren. Hona hemen orain arte ezagutu ditugun euskal herri-kirolak,: sokatira, gizon-proba,
harri-jasotzea, lasto-altxatzea, lasto-botatzea, ingude-altxatzea,
trontzalaritza, aizkolaritza, segalaritza, txinga-proba, orga-jokoa, ontzi-erutea,
lokotx-bilketa, zaku-lasterketa, idi-dema, aitzurlaritza, asto-dema, asto-lasterketa,
bola-jokoa, harri-zulaketa, korrikalaritza, palankaritza, pultsularitza, toka,
arraunketa, pelota.
3. 1. SOKATIRA
Sokatira bi talderen arteko norgehiagoka sutsua da. Soka lodi bati helduta talde
bakoitzak aurkaria indarrez bere eremura arrastaka eramatea du helburu.
Esan genezake sokatirak antzinako zibilizazioetan duela jatorria eta mundu osoan
zehar hedatu izan dela. Sortu zenetik zenbait aldaketa jasan ditu eta gaur egun
jarraitzaile ugari ditu hainbat herrialdetan. Beraz, sokatira indarrean oinarritutako
eta taldeen arteko norgehiagoka dugu, eta aipatzekoa da bere jatorria eguneroko
lan jardueretan dagoela eta kirol edo jolas bihurtu ondoren tradizio hutsez gorde
izan dela mendeetan zehar.
Sokatira historian eta munduan zehar oso hedatuta egonik aldaera ugari aurki
ditzakegu lurralde eta une historiko bakoitzaren arabera.
Herrialde ugari izan dira sokatira gorde izan dutenak; hala nola Britainia Handia,
Espainia Iparraldea, Frantzia, Holanda, Alemania, Italia, Suedia eta Finlandia.
SOKATIRAREN ARAUTEGIA
Jokoaren oinarria:
Zortzi kidez osatutako bi taldek soka luze baten alde banari helduta, tira egiten
dute aurkaria erakartzeko helburuz.
Kategoriak eta pisuak:
Kategoria ezberdinak daude:
- Belarra (Outdoor) / Goma (Indoor).
- Gizonezkoak (Men) / Emakumezkoak (Women).
- Seniorrak (Senior) (18 urtetik aurrera)/ Juniorrak (Junior) (15-18 urte).
Taldeak pisuaren arabera sailkatzen dira lehiaketan parte hartzeko (480 kg-raino,
520 kg-raino,...).
Taldeak:
Taldeak 8 jokalariz osaturik egongo dira. Taldekideren batek min hartuz gero,
gainerako 7 jokalariek lehian jarraitu dezakete, baina kopuru txikiagorik ez da
onartuko.
Sokaren ezaugarriak:
Soka gutxienez 33,5 metro luze izango da.
Sokari 5 marka edo zinta jarriko zaizkio:
- Bat erdian.
- Bi zinta erdikotik 4 metrotara.
- Bi zinta erdikotik 5 metrotara.
Lurreko markak:
Lurrean hiru lerro paralelo markatuko dira, 2 metroko tarteaz.
4. 2. HARRIJASOTZEA
HARRIJASOTZEAREN HISTORIA
Herri kirol honetan sorbaldaraino altxatu behar da nahiko pisutsua den harri bat.
Altxaldia ontzat emateko harria sorbaldan orekatu eta gorputzaren aurrealdetik
lurreratu beharko da. Ekitaldi horretarako, beraz, ez da gauza handirik behar: harri
pisutsu bat eta bere indarra neurtu nahi duen gizakumea. Hain sinplea izanik,
ulergarria da euskaldunak antzinatik aritu izana harri-jasoketan. Ibai ertzean
topatutako harri kamutsak zein mendietako harkaitz puskak tentagarriak ziren
ondotik pasatzen ziren euskaldun indartsu eta lehiakorrentzat. Gainera, harria
jasotzea nekazariaren lanarekin oso lotuta zegoen, baserria eraiki edo hesiak
konpontzeko harriak jasotzea ezinbestekoa baitzen. (Berriz ere, gainerakoetan
bezala, herri kirol honen jatorria lanean aurkitzen dugu.)
Harriek eboluzio nabaria jasan dute, beraz, urteak pasatu ahala. Izan ere, hasieran
ez zen kontuan hartzen harrien forma eta hortaz, harri irregularrekin aritu ohi ziren
harri-jasotzaileak. Baina pixkanaka harriei forma zehatzak ematen hasi ziren, hau
da, kubo, esfera, zilindro eta laukizuzen forma. Geroago, harri zilindriko eta
koadroari heldulekuak egiten hasi ziren.
Jokoaren oinarria:
Pertsona batek, lurretik bizkarreraino altxatu behar ditu bere indarrez, adierazten
diren txandetan eta zehazten diren pisu eta ezaugarrietako harriak, behin bakarrik
nahiz behin baino gehiagotan.
Harrien ezaugarri eta neurriak:
Irudi geometriko baten forma izan behar dute harriek:
- Kubikoa: heldulekurik gabeko hexaedro edo kubo formako harria. Sei aurpegiak
neurri bereko laukiak izango dira.
- Esferikoa: heldulekurik gabeko harrizko bola.
- Laukizuzena: bi helduleku dituen prisma erregularra, paralelogramoa. Lau
aurpegi luzeenak laukizuzenak dira; aldiz, oinarria eta goiko aldea karratuak.
- Zilindrikoa: bi helduleku dituen harrizko zilindroa.
5. 3. SEGA
Sega apustua nahiko ekintza modernotzat har dezakegu gure artean. Kontua da
Euskal Herrian XVIII. mendera arte mendiak baso zabalez josirik zeudela, baina
gizakia neurrigabe zuhaitzak botatzen hasi zenean, laboreek bete zuten basoek
utzitako lekua. Hori dela eta, zelaiak ez ziren ugariak eta ganadua ez zen behar
bezala elikatzen.
Baina laboreek emandako etekinak ez ziren uste bezain onak eta pixkanaka
baserritarra ganadua ugaritzera lerratu zen. Modu honetan, behiak, idiak eta
txahalak, besteak beste, baserriaren diru-sarrera nagusi bihurtu ziren. Ondorioz,
laboreen lurretan apurka-apurka ganaduarentzako elikagai izango zen belarra
landatzen hasi ziren. Eta hau dela medio, belar-moztea baserritarraren eguneroko
lan bihurtu zen eta sega ezinbesteko tresna.
Horrela, ganadua ukuiluan gordetzeko ia egunero baserritarrak belarra moztu
behar zuen, goizean lanari ekin aurretik eta arratsean lana amaitu ostean bere
animaliak elikatzeko; era berean, negu hotz eta luzerako ere hainbat belar meta
egin beharra zegoen. Are gehiago, ukuiluko lurra alfonbra gisa jartzeko ere belarra
moztea beharrezkoa zen.
Bi modalitate ezberdin dira ezagunak sega apustuan;
batetik, mugatutako denboran ahalik eta belar gehien moztea duena helburu, eta
bestetik, mugatutako belar eremu bat moztea ahalik eta denbora gutxien igarotzea
duena.
Segaren ezaugarriak:
Bi zati ezberdinez dago osaturik sega: kutxila edo sega (ahoa, bizkarra eta taloi
edo orkatilaz osatua) eta kiderra edo kirtena (bi eskuleku edo eskutilduna). Bi
zatiak estuna eta doruaz elkartu ohi dira, nahiz eta zenbaitetan torlojuak ere erabili.
Urteen poderioz sega hobeak sortu dira, hau da, kutxila luzeagokoak eta kirten
txikiagodunak. Segaz gain, segalariaren ezinbesteko tresna da zorrozteko harria.
6. 4. TXINGA-ERUTEA
Zertan datzan
Esku bakoitzaz pisua hartu eta ahalik eta distantzia luzeenean eramatean datza,
denbora-mugarik gabe.
Euskal Herritik at ere, txinga-probaren antzeko lehiaketak ospatzen dira, esne
ontziekin adibidez.
Arauak
Iltzeak, edo txinga eruteko plazak, 28 metroko luzera izango du.
Txinga bakoitzak 50 kg izango du (kilo erdi bat gorabehera); beraz, jokalariak 100
kg eraman beharko ditu. Salbuespen kasuetan bakarrik onar daitezke aipaturiko
pisuetakoak ez diren txingak.
Pisuak zilindro formakoak izango dira.
5. LOKOTX-BILKETAK
Ahalik eta denbora laburrenean lokotx kopuru jakin bat bildu eta saski batean
sartzean datza, lokotxen artean 1,25 metroko tartea utziz.
Arauak:
 Jokalekuaren bazter edo gune batean partaide bezainbeste saski edo otar
ezarriko dira.Guztiak berdinak izango dira
 Saskitik 1,25 metrotara lehen lokotxa kokatuko da, handik 1,25 metrotara
bigarrena, eta honela, 25.era arte.
 Jokoa 50 zokorretara luzatzen bada, gune bakoitzean 2 lokotx jarriko dira;
75 lokotxetara bada, 3 ale; 100 lokotxetara eginez gero, 4 sokor.
 Partaide bakoitzak bere otarrean lokotx guztiak jaso behar ditu banan-banan.
Zokor bat saskian sartu ez bada, jokalariak ezingo dio hurrengoa
jasotzeari ekin.
 Nahi gabe jokalari batek lokotx bat saskian sartuko balu aurrekoa saskiratu
baino lehen, epaileak zigortu egingo luke partaide hori, sartu gabeko
zokorra zegokion tokian baino urrunago ezarriz .
 Jokalariak nahi duen ordenan bil ditzake lokotxak.
7. HIZTEGIA
Ahurra (esku ahurra): eskuaren barneko aldea,eskumuturretik hatzetaraino
hedatzen dena, bereziki eskua ixten denean eratzen duen hutsunea. Palma.
Altxaldia / jasoaldia / jaikialdia: zerbait altxatzen edo jasotzen den aldi bakoitza.
Alzada.
Apustua / dema: dirua tartean dela egiten den norgehiagoka. Apuesta.
Arau haustea: arauz kontrako ekintzak. Infracción.
Arroba / ontza: luzera neurri zaharra, oinaren hamabirena (hots, 23 mm edo) balio
duena. Pulgada.
Atzelaria: sokatiran talde bakoitzeko azken jokalaria. Ancla.
Baloi medizinala: Heziketa Fisikoan erabili ohi diren baloi pisutsuak.
Botileroa: pilota-jokoan, eta beste zenbait herri-kiroletan, kirolariaren aholkulari
edo laguntzaile moduan aritzen den pertsona.
Dorua: segaren osagaia, burdin edo berunezko ziritxoa (kuinatxoa). Bere funtzioa,
estunaren barnean dauden segaren orkatila eta kirtena lotzea edo presioaren
bitartez finkatzea izango da.
Eskuarea / arrastelua: nekazariaren lanabesa. 10 edo 12 hortz dituen zurezko
haga batek eta honi zut edo perpendikularrean jositako kirten batek osatua.
Rastrillo.
Estuna: eraztun moduko burdin zatia.
Iltzea / plaza: probalekuaren luzera. Clavo.
Kirtena / giderra / girtaina / eskutokia: segaren egurrezko zatia. Mango.
Lokotxa / sokorra / oskola / artaburua / koskorra /kaskara: aleak kendu zaizkion
artaburua, arto kozkorra. Mazorca.
Oholtza: zurezko plataforma, gehienetan higikorra eta lurretik gora pixka bat
altxatuta dagoena. Tablado.
Saila / alorra / soroa: lantzen den lur zati mugatua. Parcela.
Otarra / saskia / zarea / otzara: gauzak eramateko ontzia, berez zumitzez egina.
Cesta.
Sega / kodaina: laboreak eta belarra hondo-hondotik ebakitzeko lanabesa, bi
eskutoki dituen kirten luze eta zuzen batez eta honek muturrean duen burdinazko
xafla luze eta okertu batez osatua. Guadaña.
Sega-jokoa: denbora jakin batean nork belar gehiago ebakitzean datzan herri-kirola.
Ebakitako belarraren pisua edo lursailaren azalera erabil daitezke irabazlea
zehazteko irizpide gisa. Juego de segadores.
Segaren ahoa: segaren altzairuzko hastiaren alderdi zorrotza.
Segarria / arraitza: sega zorrozteko harria.
Sigi-saga / zig-zag / ikur-makurka: elkarren kontrako norabideko bihurgune edo
bira saila.
Tenkatu: hari, soka, edota material elastikoz egina dagoen zerbaiti tira egin ahalik
eta gehien luzatuz edo zabalduz. Estirar, tensar.
Txorta / sorta / xorta: loreak, laboreak eta antzeko landareak bilduz egiten den
multzoa.